Nola sortzen dira mendikateak?

Lurrazalak hartzen dituen formak, alegia, haranak, mendiak, etab. etengabe gertatzen ari diren aldaketen ondorio dira. Eskualde batean lurrak duen egitura barne indarrek eta bolkanismoak eragindakoa da. Batzuetan arroka sedimentarioz osaturiko egitura horizontalak aurkitzen dira, beste batzuetan, aldiz, barne-indarrek eragindako tolesturak eta failak. Barne-indarrek sorrarazitako egiturak kanpo-indarrek aldatzen dituzte: haizeak, urak, olatuek, jelak, grabitateak, hotz-beroek, etab.
Bestalde, erliebearen gorabeherak sortzen dituzten eragileen artean barne-indarrak daude. Hauen multzoari diastrofismoa esaten zaio. Indar diastrofikoek mugimendu bertikalak eta horizontalak eragiten dituzte. Indar horizontalek tolesturak eragiten dituzte harri sedimentarioak dauden lekuetan, hauek deformatzeko adinako plastikotasuna baldin badute. Deformatzeko zurrunegiak baldin badira tolestu ordez hautsi egiten dira eta indarrak bertikalak baldin badira, hausturaren parte bat bestea baino gorago geratzen da. Haustura-mota honi faila esaten zaio eta hausturaren bi atalen artean geratzen den koskari jauzia. Era askotako failak daude: normalak, mailakatuak, horizontalak eta alderantzizkoak.

Zabaldu
del.icio.us